LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Izena, izaera eta esparrua
1.- Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) ez du mozkin asmorik, eta aipatutako esparruetan lanbidean jarduten duten pertsonak biltzen ditu.
2.- Elkarteak izaera profesionala du, eta elkarteko kideen ideologia berezia errespetatuko dela ziurtatze aldera, ezin izango da elkartearen barruan gauzatu elkartearen xedeetatik kanpoko jarduerarik.
3.- Elkarteak, nagusiki, Euskal Autonomia Erkidegoan jardungo du.
2. artikulua.- Iraupena, helbidea eta nortasuna
1.- Elkarteak nortasun juridiko propioa du, kideen nortasunetik apartekoa. Jarduteko gaitasun osoa du, bere helburuak betetze aldera, dagozkion organoen bitartez, aplikagarri diren legezko xedapenen, estatutu hauen eta elkarteak behar bezala egingo dituen bestelako hitzarmenen arabera.
2.- Elkartea mugagabeki eratu da, salbu elkartekideek desegitea erabakitzen badute, edo indarrean diren legezko xedapenek desegin dadin agintzen badute.
3.- Elkartearen helbide nagusia Artzain Onaren plaza, 15, 1. ezk., 20005 Donostia da. Helbide hori aldatu ahalko da, Batzar Nagusiaren erabakiz, eta aldaketa hori egiteak ez du eragingo aldaketarik estatutuetan. Idazkariak administrazio organo eskudunari eman beharko dio helbide aldaketaren berri, elkartearen estatutuak lekualdatze aldera.
Elkarteak beste lokal batzuk izan ahalko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, Batzar Nagusiak hala adosten duenean.
3. artikulua.– Xedea
1.- Elkarteak xede du, oro har, elkarteko kideen lanbide garapena, alde batetik, eta, kideak lanbide arloko ikuspegiez eta errealitateez gehiago jabearaz daitezen laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoan, bestetik. Eta, bereziki, beste helburu hauek ere baditu:
a) Elkarteko kideen etengabeko prestakuntza sustatzea.
b) Artxibategi eta dokumentuen, liburutegi eta dokumentazio zentroen kudeaketaren arloan lanean diharduten profesionalen lan baldintzak hobetzen laguntzea.
c) Harremanetarako eta lankidetzarako bideak ezartzea erakunde publikoen eta/edo pribatuen eta profesional taldearen artean.
d) Sektorea erakundeetan eta gizartean aintzatets dadin zaintzea, sektorearen lana sustatzea eta lanbide arloan ikusgai izan dadin bultzatzea.
e) Bestelako lanbide elkarteekiko lankidetza sustatzea.
f) Elkarteko kideak erakunde ofizialetan eta erakundeetan eta bestelako elkarteetan ordezkatzea, eta haien arteko hizketakide izatea.
2.- Aurreko atalean azaldutako helburuak betetze aldera, elkarteak hauek egin ahalko ditu:
a) Beste edozein elkarte, federazio edo konfederaziorekin bat egin, bere eskumenen esparruan, eta jarduteko autonomiarik galdu gabe.
b) Bere helburuak betetzera edo xede horrekin baliabideak biltzera bideratutako eragiketa guztiak (merkataritzakoak izan zein ez izan), zerbitzuak eta taldeko jarduerak eta edozein motatako ekonomia jarduerak sustatu eta garatu.
c) Era guztietako eta edozein titulutako ondasunak eskuratu eta izan, eta askotariko ekitaldiak eta kontratuak egin.
d) Mota guztietako ekintzak gauzatu, indarrean diren legeekin edo elkartearen estatutuekin bat.
BIGARREN KAPITULUA
GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
4. artikulua.- Gobernu organoak
Organo hauek izango dute elkartea gobernatu eta administratzeko ardura:
• Elkartekideen Batzar Nagusiak (organo gorena izango da).
• Zuzendaritza Batzordeak (zuzendaritzako kide anitzeko organo iraunkorra izango da).
HIRUGARREN KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA
5. artikulua.- Batzar Nagusia: eginkizunak eta mailak
1.- Batzar Nagusia da erabakiak hartzeko organo gorena eta elkartearen gobernua, eta elkartekide guztiek osatzen dute.
2.- Batzar Nagusiak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.
3.- Hauek dira Batzar Nagusi Bereziaren eskumenak:
a) Jardueren oroitidazkia, aurreko ekitaldiko balantzeak eta kontuak, eta uneko urteko aurrekontua aztertu eta onartzea.
b) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa ezagutzea, eta haren jarduerak berretsi edo zentsuratzea, egoki denean.
c) Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratzea.
d) Ohiko kuotak eta bestelako ezohiko ekarpenak finkatzea. Eskumen hori Zuzendaritza Batzordeari eskuordetu ahalko zaio, berariazko hitzarmen bidez.
e) Barneko Jardunerako Araudia onartzea, Zuzendaritza Batzordeak hala proposatuta.
f) Elkartekideak kanporatzea, Zuzendaritza Batzordeak hala proposatuta.
g) Bestelako elkarteekin federazioa osatzea eta konfederazioan biltzea, edo haietakoren batetik irtetea.
h) Ordezkapen organoetako kideen ordainsaria adostea, hala dagokionean.
i) Urteko aurrekontuaren % 50 baino gehiago osatzen duten ondasunak izatea edo besterentzea.
j) Lan taldeen sortzea berrestea edo ez.
k) Bestelako organo sozialei esleitu ez zaien bestelako edozein eskumen.
4.- Hauek dira Batzar Nagusi Bereziaren eskumenak:
• Estatutuak aldatzea.
• Elkartea desegitea.
6. artikulua.- Ohiko Batzar Nagusia
Ohiko Batzar Nagusia gutxienez urtean behin bilduko da, Zuzendaritza Batzordeak erabakitako egunean, eta xede izango du hirugarren ataleko a, b, c eta d letretan ezarritako erabakiak aztertzea eta onartzea.
7. artikulua.- Batzar Nagusi Berezia
Batzar Nagusi Berezia bilduko da, alde batetik, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakitzen duenean, dela bere ekimenez, dela bozkatzeko eskubidea duten elkartekideen herenak hala eskatzen duenean, eta bilera egiteko arrazoiak eta bileraren helburua adierazi beharko dira. Eta, bestetik, betiere bildu egingo da estatutuak aldatzeko edo elkartea desegiteko erabakia hartzeko, 5.4. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
8. artikulua.– Prozedura
1.- Batzar Nagusietarako deiak idatziz egingo dira, eta hauek adierazi beharko dira: alde batetik, bilera egingo den tokia, eguna eta ordua; eta, bestetik, gai zerrenda, eztabaidatuko diren gaiak zehazki adierazita. Deialdiaren eta lehenengo deialdiko bilera egiteko egunaren artean, gutxienez, hamabost egun izan beharko dira. Halaber, egoki bada, Batzar Nagusiak egingo duen bigarren deialdirako eguna eta ordua jasota geratuko dira, eta bilera baten eta bestearen artean ordu erdiko epea baino luzeagoa izan beharko da.
2.- Batzar nagusiak (ohikoa nahiz berezia) baliozko eran eratuko dira lehenengo deialdian, bilerara bozkatzeko eskubidea duten elkartekideen gehiengoa bertaratzen denean; eta bigarren deialdian eratuko dira, bertaratuen kopurua edozein dela ere.
3.- Elkartekideek edozein kideri eman diezaiokete beraiek ordezkatzeko ahalmena, Batzar Nagusietara joan daitezen. Elkartekide batek ere ezingo du, hala ere, elkarteko bost kide baino gehiagoren ordezkari izan. Ordezkatzeko ahalmena idatziz emango da, eta idazkariaren eskuetan egon beharko du, Batzar Nagusiaren bilera hasi aurretik.
4.- Batzar Nagusietan, bertaratutakoen edo ordezkatutakoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean.
Estatutuen aldaketak eta ordezkaritza organoetako kideen ordainsaria erabakitzeko gehiengo kualifikatua beharko da. Baiezko botoek baliozko eran emandako botoen erdia gainditzen dutenean gertatuko da hori.
Urteko aurrekontuaren % 50 baino gehiago osatzen duten ondasunak izatea edo besterentzeari buruzko eta elkartea desegitearen gaineko erabakiak hartzeko, bi herenen gehiengo kualifikatua beharko da.
LAUGARREN KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA
9. artikulua.- Zuzendaritza Batzordea
1.- Zuzendaritza Batzordea ordezkaritza organoa da, eta elkartearen interesak kudeatzen eta ordezkatzen ditu, estatutuetako xedapenen eta Batzar Nagusiaren zuzentarauen arabera.
Elkartekide titular direnak baino ezingo dira izan Zuzendaritza Batzordeko kide.
2.- Hauek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea: lehendakariak, lehendakariordeak, diruzainak, idazkariak eta batzordekideek (lau batzordekide, gehienez ere). Ahal den guztietan, elkarteko jarduerako sektore guztiak ordezkatuta izango dira Zuzendaritza Batzordean.
3.- Zuzendaritza Batzordea osatzen duten kideak Batzar Nagusiak aukeratuko ditu, hiru urterako, salbu hark berariaz baliogabetzen badu, eta berriz aukeratu ahalko da.
4.- Ordezkaritza organoko karguak bertan behera utzi ahalko dira, borondatezko ukatzea dela eta, beren esku utzitako betebeharrak ez betetzeagatik edo agintaldia iraungi zaiolako. Borondatezko ukatzea egiten denean idatziz jakinarazi beharko zaio Zuzendaritza Batzordeari.
Lehendakariak, lehendakariordeak, diruzainak edo idazkariak kargua uzten badu, Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideek euren artetik aukeratuko dute zuzendaritza kargua beteko duen kidea.
10. artikulua.- Aukeraketa
1.- Hautagai izateko, elkartekide titular izan beharko da, eta gutxienez urtebeteko antzinatasuna, hautagaitza aurkezten den egunean. Onartutako hautagaien zerrendak elkartekide guztiei bidaliko zaizkie, Ohiko Batzar Nagusian bozketa egiteko eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez.
Aurreko paragrafoan aipatutako epean hautagaitzarik aurkezten ez bada, Batzar Nagusian aurkeztu ahalko dira hautagaitzak, Batzar Nagusiak ezarriko duen epean.
2.- Bozketa librea izango da, eta isilpekoa, beharrezko jotzen bada. Hautagai bi edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, berriz egingo da bozketa. Bigarren bozketan ere berdinketa gertatzen bada, elkartean antzinatasun handiena duena aukeratuko da. Baldin antzinatasun bera badute, lanbide arlokako ordezkaritza hartuko da kontuan.
3.- Elkartekideek bozketara bertaratuta eman ahalko dute botoa, edo ordezkari baten bitartez (8.3. artikuluan xedatu bezala), edo bere garaian Batzar Nagusiak erabakiko duen bestelako edozein metodoren bidez, Barneko Jardunerako Araudian xedatutakoaren arabera.
4.- Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratu direnean edo kideetako edozein berritu denean, batzordekideek beraien artean hautatuko dituzte Lehendakaritza osatuko duten kideak. Alegia, lehendakariordea, diruzaina, idazkaria eta batzordekideak.
Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak berritzen badira, kargua utziko duen lehendakariak edo lehendakariordeak beharrezko den denboran jarraitu beharko du Zuzendaritza Batzorde berriko kide izaten, Batzordeak behar bezala funtzionatzen duela ziurta dezan.
11. artikulua.- Funtzionamendua
1.- Zuzendaritza Batzordea urtean, gutxienez, hiru aldiz bildu beharko da, bai eta gizarte jarduerak behar bezala garatzeko behar den guztietan ere. Lehendakariak egingo du bilerarako deia, edo batzordekideen herenak idatziz eskatzen duelako deituko da bilera.
2.- Bileretarako deia gutxienez zazpi eguneko aurrerapenarekin egingo da.
3.- Zuzendaritza Batzordea baliozko eran eratuta izan dadin, Batzordera bertaratu beharko du edo bertan ordezkaritza izan beharko du batzordekideen erdia gehi batek, lehendakaria —edo, hura egon ezean, lehendakariordea— barne.
4.- Hitzarmenak edo erabakiak bilerara bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira, eta gerta daitezkeen berdinketak lehendakariak ebatziko ditu, kalitateko botoaren bidez.
5.- Zuzendaritza Batzordeko edozein kide elkarren segidako hiru bileratara edo aldizkako lau bileratara joaten ez bada, eta arrazoi justifikaturik ez badu, Zuzendaritza Batzordetik kanporatu ahalko da.
6.- Batzordeetako eta/edo lan taldeetako koordinatzaileak ere joan ahalko dira bileretara, dela beren ekimenez eta Zuzendaritza Batzordeari jakinarazita, dela deia jasotzen dutelako. Beren jarduera arloei buruzko gaietan, hitza izango dute, baina botorik ez.
7.- Idazkariak bileretako akta egingo du, eta elkartearen egoitzan utziko.
12. artikulua.- Eginkizunak
Hauek dira Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:
a) Elkartearen ekonomia eta administrazio kudeaketa eta kudeaketa arrunta zuzentzea, Batzar Nagusiaren zuzentarauen arabera, eta beharrezko kontratu eta ekintzak egiteko erabakia hartzea.
b) Elkarteak egin beharreko jarduerak programatzea.
c) Batzar Nagusietarako deia egitea eta erabakiak gauzatzea.
d) Jardueren Memoria, balantzeak eta urteko kontuak egin eta Batzar Nagusira eramatea, hark onar ditzan.
e) Elkartekideak onartzeari lotutako erabakiak hartzea, eta Batzar Nagusiari jakinaraztea.
f) Eskuordeko batzordeak sortzea eta lan taldeak onartzea, elkarteko berariazko jarduerak gauzatzeko; eta eskuordeko batzordeen eta lan taldeen jardueren berri izatea.
g) Batzar Nagusiari elkartearen jardunerako araudiak proposatzea, onar ditzan.
h) Elkartearen ondasunak administratzea, eta ondasun horien gainean berariaz Batzar Nagusiaren eskumenekoak ez diren erabaki guztiak hartzea.
i) Estatutu hauetako arauak interpretatzea, eta hutsak betetzea.
j) Elkartearen helburuak betetzeko beharrezko izango den beste edozein eginkizun, betiere Batzar Nagusiarenak izango ez direnak edo Batzar Nagusiaren berariazko baimena beharko ez dutenak.
BOSGARREN KAPITULUA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK
13. artikulua. Lehendakaritza
1.- Elkarteko lehendakaria izango da elkartearen legezko ordezkaria, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak gauzatuko ditu. Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Nagusien lehendakari izango da.
2.- Eskumen hauek izango ditu:
a) Elkartearen legezko ordezkari izatea, kontratuak sinatzea, botereak ematea eta mota guztietako ekintzak gauzatzea, Zuzendaritza Batzordearen baimen egokiarekin.
b) Batzar Nagusietarako deiak egitea, Batzar Nagusietako eta Zuzendaritza Batzordeko lehendakari izatea eta bileretako aktak egitea; eta bateko eta besteko deliberamenduak zuzentzea.
c) Zuzendaritza Batzordeak baliozko eran erabakitako ordainketak agintzea, eta bere sinaduraren bitartez dokumentuak, aktak eta gutunak baimentzea. Orobat, hala behar denean, elkarteak ongi funtziona dezan beharko diren bankuko kontuak irekiko ditu.
d) Aktak sinatzea, idazkariarekin batera.
e) Sor daitezkeen premiazko gaiak berehala ebaztea, elkarteak behar bezala funtziona dezan; eta horien berri Zuzendaritza Batzordeari ematea, egingo den lehenengo saioan.
14. artikulua.- Lehendakariordetza
Lehendakariak dituen eskuduntza berak izango ditu lehendakariordeak, lehendakariak bere kargua betetzeko aldi baterako ezintasunen bat izanez gero hura ordezkatzen duenean. Halaber, berariaz, lehendakariak eskuordetuko dizkion ahalmenak egokituko zaizkio.
15. artikulua.- Idazkaritza
Lehendakariarekin batera, idazkariak Batzar Nagusietako eta Zuzendaritza Batzordeko aktak idatzi eta sinatuko ditu, Zuzendaritza Batzordeetarako eta Batzarretarako deiak egingo ditu eta aktak zaindu eta idatziko ditu. Elkartekideen harpidetza hartzeen eta uzteen erregistroaren ardura izango du eta, oro har, Idazkaritzako berezko eginkizunak bere gain hartuko ditu.
16. artikulua.- Diruzaintza
Diruzainak izango du elkarteko bilkinaren, ekonomia administratzearen eta funtsak eta gainerako ondarea zaintzeko ardura. Elkartearen funts ekonomikoak administratuko ditu. Gainera, ekonomia egoeraren berri emango du, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko sarreren eta gastuen aurrekontuaren aurreproiektua egingo du, eta urteko balantzea eta kontuak idatziko ditu. Balantzea eta kontuak, gero, Batzar Nagusian emango dira. Lehendakariak edo Zuzendaritza Batzordeko kideek, dagokien boterearekin, baimenduko dituzten ordainketa aginduak beteko ditu.
17. artikulua.– Batzordekideak
Batzordekideek Zuzendaritza Batzordeko kide izateak berekin dakartzan berezko betebeharrak izango dituzte, bai eta Zuzendaritza Batzordeen eskuordetzeetatik edo laneko batzordeetatik eratorriko direnak ere.
SEIGARREN KAPITULUA
ESKUORDEKO BATZORDEAK ETA LAN TALDEAK
18. artikulua.- Batzordeak eta taldeak osatzea
1.- Batzordeak edo lan taldeak osatu ahalko dira, helburu jakin batzuk betetze aldera. Helburuok, beren irismen orokorraren arabera, berariazko trataera, trataera berezia eta etengabeko dedikazioa beharko dute, eta halako batzorde edo lan taldeak osatu beharko dira, edo antolakuntza eta azpiegitura egokia.
2.- Zuzendaritza Batzordeak berariaz eskuordetuta osatuko dira batzordeak, Zuzendaritza Batzordearen erabakiz. Erabaki horretan batzordearen izena eta helburua jasoko dira.
3.- Lan taldeak gutxienez hamar elkartekideren ekimenez eratuko dira, Zuzendaritza Batzordera zuzendutako proposamenaren bitartez. Zuzendaritza Batzordean lan taldearen izena eta helburu zehatzak idatziz jasoko dira. Behin lan taldearen osaketa onartu denean, Batzar Nagusiak berretsi beharko du, eta barneko jarduneko araudi baten arabera zuzenduko da.
4.- Edozein elkartekide izan daiteke sortuko diren lan taldeetako kide.
5.- Eskuordeko batzordeek eta lan taldeek jarduerei buruzko txosten bat aurkeztuko diote, urtero, Zuzendaritza Batzordeari.
ZAZPIGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK
19. artikulua.- Betekizunak
Elkarteko kide izan ahalko dira, adinez nagusi izanik eta jarduteko gaitasuna izanik, elkartearen helburuak gauzatzeko interesa dutenak eta baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak:
a) Jardute profesionala. Elkartera sartzeko eskaera egiten den unean, artxibategiak eta dokumentuak, liburutegiak eta dokumentazio zentroak kudeatzean eginkizun tekniko eta profesionalak egiten izatea, eta gutxienez urtebetez aritzea jarduera hori gauzatzen.
b) Berariazko prestakuntza edo titulua izatea. Berariazko prestakuntza izatea artxibistikan, bibliotekonomian edo dokumentazioan, dela unibertsitateko titulua, dela diziplina horietan gaitasuna duela egiaztatzen duen beste edozein titulu.
c) Elkartera sartzeko eskaera egiten den egunean diziplina horietako araututako edozein prestakuntza mailetan ikasketak edo berariazko prestakuntza egiten ari dela ziurtatzea.
20. artikulua.- Elkartekide motak
a) Elkartekide titularra
Elkartekide titular izango da elkartean sartzeko eskaera egingo eta ezarritako sozietate kuotak ordainduko dituen pertsona fisikoa. Eskubide osoak dituen elkartekide izango da. Hortaz, botoa eta hitza izango ditu elkartearen batzarretan, eta elkarteko gobernu organoetara sartu ahalko du.
b) Elkartekide laguntzailea
Elkartekide laguntzaile izango da, elkartera, elkartearen helburuak betetzen laguntze aldera, laguntzaile bezala atxiki nahi duen pertsona fisikoa edo juridikoa. Elkartekide laguntzaile gisa onartu eta gero, elkartekide laguntzaile guztiek hitz emango dute Estatutuak beteko dituztela eta, gutxienez, elkartekide babesleentzat ezarritako gutxieneko kuota ordainduko dutela. Elkartekide titularrek dituzten eskubide berak dituzte, bozkatzeko eskubidea eta gobernu organoetan karguak betetzeko hautagai izateko eskubidea izan ezik.
c) Ohorezko elkartekidea
Elkarteak, Zuzendaritza Batzordeak hala proposatuta eta Batzar Nagusiaren adostasunez, ohorezko bazkide izendatu ahalko du goraipamen hori izateko merezimendudun den pertsona, kulturan, zientzian edo arlo teknikoan lortu dituen merezimendu aipagarriak edo bere lanbideko ospea kontuan hartuta, edo elkartea duintzen eta garatzen nabarmen lagundu izanagatik. Hitz egiteko eskubidea izango du batzarretan, baina ez du izango ez bozkatzeko eskubiderik, ez gobernu organoetako kide izateko eskubiderik ere. Bazkideek ordaindu behar duten kuota ordaintzetik salbuetsita dago.
21. artikulua.- Elkartekide izaera onartzea eta galtzea
1.- Elkarteko kide izateko, idatzizko eskaera bidali beharko zaio elkarteko lehendakariari. Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du eskaera onartu edo ez onartzea.
2.- Elkartekideak elkartekide izaera galduko du, arrazoi hauetakoren bat dela eta:
a) Borondatez elkartekide izateari uko eginez gero; idatziz aurkeztu beharko da Zuzendaritza Batzordean, 10 eguneko aurrerapenarekin.
b) Automatikoki, betebehar ekonomikoak ez betetzeagatik; alegia, dagokion kuota elkarteari ordaintzen ez badio.
c) Elkartearen Estatutuak edo araudiak betetzen ez baditu.
d) Banantzen bada, Estatutu hauen edo elkarteko gobernu organoek hartutako erabakien urratze larriren bat egiteagatik Zuzendaritza Batzordeak adostutako zigorrari jarraikiz.
22. artikulua.- Elkartekideen eskubideak
Eskubide hauek izango dituzte elkartekideek:
a) Batzarretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzeko eskubidea.
b) Hautesle eta hautagarri izateko eskubidea, Zuzendaritza Batzordeko kide gisa.
c) Elkartearen jardueretan parte hartzeko eskubidea.
d) Elkarteko organoek hartutako erabakiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.
e) Elkarteko gainerako kideak nor diren eta elkartearen jardueraren garapena edozein unetan ezagutzeko eskubidea.
f) Zuzendaritza Batzordeari iradokizunak egiteko eskubidea, elkartearen helburuak hobeto betetze aldera.
g) Beraien aurkako diziplina neurriak hartu aurretik, esateko dutena entzuna izateko eskubidea.
23. artikulua.- Elkartekideen betebeharrak
Betebehar hauek izango dituzte elkartekideek:
a) Estatutu hauek eta elkarteko organo artezkariek baliozko eran egindako hitzarmenak ontzat hartzea eta betetzea.
b) Ezarriko diren kuotak eta ekarpenak behar den garaian ordaintzea.
c) Batzar guztietara joatea, elkartekidea bera bertaratuta edo beste elkartekideren batek ordezkatuta.
d) Parte hartze aktiboa izatea, elkartearen helburuak betetze aldera.
e) Elkarteak izen ona eta ospea izan dezan laguntzea, bere jokabide eta jarrera etikoaren bitartez.
f) Idazkaritzan jakinaraztea bizileku edo lantoki aldaketak, edo bere elkartekide egoeran eragina duten inguruabarren berri ematea.
24. artikulua.– Zehapen araubidea
1.- Zuzendaritza Batzordeak zigortu ahalko ditu elkartekideak, Estatutuak edo Batzar Nagusiaren edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak behin eta berriz urratzeagatik; eta, oro har, elkartearen interesen eta elkartea sortu zeneko espirituaren aurkako jokabidea izan duelako zigorra merezi duenean.
Zigorrak askotarikoak izan daitezke, besteak beste, eskubideak aldi baterako bertan behera uztea (hilabete eta hiru hil artean) edo behin behinean banantzea.
2.- Horretarako, Lehendakaritzak ikerketa has dadin erabaki ahalko du, zigor daitezkeen jokabideak argi daitezen. Jarduerak Idazkaritzak gauzatuko ditu, eta Zuzendaritza Batzordeari eskatuko dio neurri egokiak har ditzan. Zigorrak ezarri baino lehen, interesdunak esateko duena entzun beharko da.
3.- Banantzeko erabakiaren berri interesdunari emango zaio, eta jakinaraziko zaio erabaki horren kontrako errekurtsoa aurkez dezakeela egingo den lehenengo Batzar Nagusian. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak erabaki ahalko du pertsona horrek bazkide gisa dituen eskubideak kentzea eta, ordezkaritza organoko kide bada, kargua gauzatzea bertan behera utz dezala dekretatu beharko du.
4.- Banantze espedientea Batzar Nagusira eramaten bada, idazkariak espedientearen laburpena idatziko du, Zuzendaritza Batzordeak erruztatuak aurkeztutako idazkia Batzar Nagusiari jakinaraz diezaion, eta gertakarien berri behar bezala eman diezaien, Batzar Nagusiak dagokion erabakia har dezan.
ZORTZIGARREN KAPITULUA
ELKARTEAREN EKONOMIA ARAUBIDEA
25. artikulua.- Baliabide ekonomikoak
1.- Hauek izango dira elkartearen helburuak eta jarduerak garatzeko ezarritako baliabide ekonomikoak:
a) Bazkideek ordaindu beharreko kuotak; aldizkakoak nahiz ezohikoak izango dira, eta Batzar Nagusiak erabakiko ditu.
b) Dagozkion ondare eta eskubideak, bai eta legez jaso ditzakeen diru laguntzak, dohaintzak eta ondarea ere.
c) Elkarteak Zuzendaritza Batzordeak erabakiko dituen jarduera legezkoen bitartez lortuko dituen sarrerak, betiere Estatutuen helburuen barruan.
2.- Elkarteak lortutako irabaziak, ekonomia jarduerak gauzatzetik eratorriak, zerbitzuak ematea barne, helburuak betetzera soilik bideratu beharko dira. Inolaz ere ezingo dira elkartekideen artean banandu, ez beren ezkontideen edo antzeko afektibitate harremana duten eta beraiekin bizi diren pertsonekin, ez eta senitartekoekin ere. Halaber, ezingo zaizkie doan eman mozkin asmoa duten pertsona fisikoei edo juridikoei ere.
BEDERATZIGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
26. artikulua.– Estatutuak aldatzea
Estatutu hauek aldatu ahalko dira horretarako deitutako Batzar Nagusi Bereziak hala erabakitzen duenean. Hala ere, baliozko eran emandako botoen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da.
HAMARGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA
27. artikulua.– Elkartea desegitea
1.- Elkartea desegitea Batzar Nagusi Berezian erabakiko da, berariaz eta behar bezala horretarako deitzen denean. Botoen bi herenen gehiengo kualifikatuz hartuko da erabakia.
2.- Elkartea desegitea erabakiko balitz, Batzar Nagusi Bereziak Batzorde Likidatzailea izendatuko luke. Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatuko lukete.
3.- Elkartea desegiten denean, likidatzeke diren kredituak eta zorrak likidatuko dira, eta ondasunak besterenduko dira. Horren guztiaren emaitza izango den saldoa elkarteak zehaztuko duen kultura helburua betetzera bideratuko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Estatutu hauek aurreko Estatutuak (Elkartea Eratzeko Batzarrean onartuak, 1990eko urtarrilaren 27an) indargabetzen eta ordezkatzen dituzte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena
Zuzendaritza Batzordeak Barneko Jardunerako Araudia aurkeztuko du, Estatutu hauen garapen gisa, Batzar Nagusiak onar dezan.
Bigarrena
Gaur egun, zenbakizko elkartekide direnak, Estatutu hauek onartzen direnean, elkartekide laguntzaile bihurtuko dira, 20.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Hirugarrena
Estatutu hauetan xedatu ez diren gaietan, Euskadiko lanbide elkarteei aplikagarri zaien legedi orokorrean ezarritakoa aplikatuko da, osagarri gisa.
Laugarrena
Estatutu hauen indarraldia, Batzar Nagusi Berezian onartzen diren egunean hasiko da.