2019ko maiatzak 10, ostirala.
Subijana etxea, Amasa-Villabona (Gipuzkoa)
Ahozko ondareak berezko dituen ezaugarriengatik, hainbat gunetan biltzen diren datu eta dokumentazio mota ezberdinak modu bateratuan eskaintzeko beharrak bultzatuta sortu dira aurtengo jardunaldiak.
Beharrizan hau ahozko ondaretik haragokoa ere bada. Interneten herritarrei ahalik eta informazio gehien eskuragarri jartzeko ondarearen digitalizazio eta datu-bilketa handiak egin dira azken urteotan, eta, ondorioz, gune ezberdinak sortu dira.
Teknologia berriei esker, hainbat gunetan dauden datuak bilaketa bakarrean eskaintzeko aukerak sortu dira, eskaintzen den ondarea eta informazioa herritarren eskura jartzeko erraztasunak biderkatu direlarik.
Aurtengo jardunaldietan erabiltzaileei “bilaketa bakarra” eskaintzea helburu duten esperientziak ezagutarazi nahi izan dira, maila estrategikoan nahiz teknikoan emandako pausoak partekatzeko eta izandako zailtasunetatik eta lorpenetatik elkarrekin ikasteko aukera izateko.
Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren. Aurtengoa seigarren edizioa izan da.
2019ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Bertsozale Elkartea eta Iametza Interaktiboa gara. Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) lagundu du jardunaldien berri zabaltzen.