Bilera honen helburu nagusia gure sektore profesionalaren egoerari buruz eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren eskumena diren zerbitzu eta politiken inguruan ditugun kezkak azaltzea zen eta, era berean, egoerari aurre egiteko eman beharreko pausoak zeintzuk izan daitezkeen aztertzea.
ALDEEk, bere kideen garapen profesionala sustatzeko eta sektore profesionalaren egoera sendotu eta hobetzeko helburuarekin, artxibo, liburutegi eta dokumentazio zentroei dagokien politiketan eskumena duten erakundeekin harreman-bideak landu izan ditu beti.
Bide horri jarraiki, 2025eko azaroaren 18an ALDEEko zuzendaritza batzordeko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea den Andoni Iturbe Amorebietarekin eta Urkiri Salaberria Gracia, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariarekin bildu ginen.
Bilera honen helburu nagusia gure sektore profesionalaren egoerari buruz eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren eskumena diren zerbitzu eta politiken inguruan ditugun kezkak azaltzea zen eta, era berean, egoerari aurre egiteko eman beharreko pausoak zeintzuk izan daitezkeen aztertzea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzan liburutegien arloan dauden zerbitzuen egoera mahai gainean jarri genuen. Azken urteetan egondako langile aldaketek eta, bereziki azken oposizioek izandako ondorioek sortutako arazoak aipatu genituen. Honen guztiaren ondorioz, momentu honetan Irakurketa Publikoko Sarea ez da behar duen zerbitzua jasotzen ari.
Arazo nagusia berariazko profil profesionala eskatzeko zailtasunean datza. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzkoa legeak markatzen dituen ildoek, erkidegoan goi-mailako formaziorik ez egoteak eta langilegoaren erregelamendu baten faltak, zaildu egiten du berariazko profil profesionala eta ezagutza dituzten pertsonen kontratazioa. Honek guztiak eragin zuzena du herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuetan. Arazo hau ez da liburutegietara mugatzen; sektore guztira zabaltzen da. Azken urteetan nabarmena da belaunaldi baten erretiroek ekarri duten erreleboa, eta errealitate hori areagotu egingo da datozen urteetan. Errelebo profesional hori berme batzuekin egin dadin, gaur egungo egoerari aurre egiteko neurriak hartu behar dira.
Errealitate honen aurrean, gure sektorearen egoera profesionala hobetzeko eta herritarrek kalitatezko zerbitzuak jasotzen dituztela bermatzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu legeen garapena eta horrela eskatu genuen.
Liburutegi legeari dagokionean, hiru puntu zehatz aipatzen genituen.
Batetik, ezinbestekoa da araudiak garatzea, bereziki langilegoari buruzko erregelamendua. ALDEE oso kezkatua dago azken urteetan deitzen ari diren oposizio prozesuetan nabarmentzen den lanbidearen hustuketa profesionalerako joerarekin. Araudia garatzea ezinbestekoa da egoera honi aurre egiteko.
Bestetik, liburutegien mapa berritu behar da.
Bukatzeko, ezinbestekoa da Liburutegi Aholku Batzordea, Euskadiko Liburutegi Sistemaren informazio- eta kontsulta-organoa, erregulartasunez biltzea liburutegi-politikak garatzeko.
Artxiboei dagokienean, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen legearen garapena eskatu zen.
Legeak artxibo zerbitzu baten eraketa arautzen du. Zerbitzu hori ezinbestekoa da artxibo-politikak garatzeko eta Euskadiko artxibo sistema sendotzeko. Momentu honetan ez dakigu zerbitzu hori zertan den, noizko dagoen pentsatua abian jartzea edo zenbat langile izango dituen. Zerbitzu honen sorreraren baitan dago, gainera, COVASADE eratu eta biltzea.
Azken bi urteetan Eusko Jaurlaritzak ez ditu deitu udal artxiboentzat ematen ziren dirulaguntzak. Erabaki horrek ondorio larriak izan ditu udal artxiboetan eta kezka handia sortu du profesionalen artean. Sektoreak behar du jakin zein izan den erabaki honen arrazoia, berriz ere abian jartzea aurreikusten den eta, horrela bada, noiz.
Jaurlaritzaren arduradunek arretaz entzun zituzten ALDEEk planteatutako kezka hauek guztiak, eta lanbideak dituen erronkei erantzuteko aurrerapausoak emateko prest agertu ziren.