Asun Agiriano bibliotekari, literatura aditu eta ALDEEko bazkideak jasoko du Kutxa Fundazioak Donostia Literatura Sarien barruan ematen duen Ibilbide Saria.
Asun Agiriano hautatu dute aurten euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartetako kideek osatutako epaimahaiak: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea.
Ibilbide oparoa egin du Agirianok euskal haur literaturan, bai bibliotekari moduan, bai irakurketa sustatzaile gisa, literatura sarien epaimahai moduan, baita kritikari gisa ere. Ibilbide emankor eta luze horri aitortza egin nahi izan dio Donostia Literatura Sariak eta hala jasoko du aurtengo ohorezko garaikurra larunbat honetan ospatuko den ekitaldian.
Gaur egun, Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendaria da eta irakurketaren sustapena eta haur eta gazte literaturaren aldeko ibilbide luzea du. Ezagutza horren lekuko izan ginen ALDEEk antolatuta, Alex Gurrutxaga euskal literatura adituarekin batera, duela bi hilabete eman zuen ikastaroan: Bildumaren kudeaketa II: Literaturak bibliotekara begiratzen duenean.
Agiriano filosofian lizentziaduna da eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egina du. Galtzagorri elkarteko lehendakari izan zen urte luzez, literatura kritikari hainbat agerkaritan (Gara, Ipupomamua, Sautrela…), hainbat sarietan epaimahaikide eta Galtzagorrik argitaratzen duen Behinola Euskal Haur eta Gazte Literatura aldizkari bakarreko erredakzio batzordeko kide ere izan da urte luzez. BIKO-TEKA tailerrean parte hartu zuen 2020an eta han abiatutako proiektua, Atzamarra albuma, argitaratu du Marina Garcia ilustratzailearekin 2022an, bi urte beranduago, Elkar argitaletxearekin.
Sari-banaketa ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egin da azaroaren 16an. Ekitaldi horretan, halaber, edizio honetako kontakizun-liburua eta antzerkia modalitateak saritu dira:
ALDEEk pozik hartu du Literatura Sari batek bibliotekari baten lan ibilbidea saritu izana, aitortza horrek gure lanbidean bitartekaritza lanak duen garrantzia balioan jartzen baitu.
ALDEEren partez, zorionik beroena Asun Agiriano bazkide eta lagunari eta jarrai dezala orain arte bezain sutsu lanean!