Euskal Herrian tipologia desberdinetako artxibo asko ditugu, handiak eta txikiak, publikoak zein pribatuak, baliabide asko dituztenak edo apenas baliabiderik gabekoak. Ikerketarako informazio-iturri ezinbestekoa dira eta ikerketa-prozesuan duten garrantzia azalarazi nahi genuen.
UEUrekin elkarlanean antolatutako Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen X. Bilkuraren harira, UEUk Oskia Agirre Orbegozo elkarrizketatu du, jardunaldi honen antolakuntzan buru-belarri ibili den ALDEEko kidea.
Agirrek, besteak beste, artxiboen eta artxibozainen paperaren garrantzia nabarmendu du elkarrizketa honetan, hori izan baita aurten landu dugun gaia: "Artxibozainik gabe artxiboak paper eta dokumentazio pila bat besterik ez dira; artxibozainen lana nahitaezkoa da dokumentazioa antolatu eta bertan jasotako informazioa erabiltzaileentzat eskuragarri jarri eta erabilgarria izan dadin".
Profesional formatuen garrantziaz ere aritu da Agirre: "Formazio espezifikoa garrantzizkoa da bai artxibozainen kasuan, bai eta ikertzaileen kasuan ere. Ez bakarrik informazioa kudeatu edota bilatzeko garaian, baita hura interpretatzeko orduan ere, garaian garaiko testuingurua ezagutu eta horren baitan interpretatu behar delako. Aurretik esan bezala, artxibozainen lana oso lanbide teknikoa da eta lanbide tekniko guztietan bezala formazio espezifikoa nahitaezkoa da, artxibo motaren arabera aldatu daitekeena".
Elkarrizketa osoa UEUren webgunean duzu irakurgai: https://www.ueu.eus/komunikazioa/albisteak/oskia-agirre-orbegozo-1