2025eko maiatzaren 30ean liburutegi espezializatuetako profesionalak Valentzian bildu ginen Liburutegi Espezializatuen II. jardunaldian
Espainiako Kultura Ministerioaren baitan dagoen Consejo de Cooperación Bibliotecaria-ko Comisión Ténica de Cooperación de Bibliotecas Especializadas batzordeak antolatutako topaketa Estatu guztiko liburutegi espezializatuetako profesionalak elkartzeko eta erronka eta proiektuak partekatzeko aukera paregabea izan zen. Liburutegi espezializatuak ezezagunak dira maiz, baina asko dute gizarteari eskaintzeko, dituzten funts eta baliabide berezituen bidez.
Jardunaldiak gai ezberdinak jorratu zituen. Hasteko, “En defensa de la profesión” izeneko atalean, liburutegi espezializatuetako profesionalen egoera aztertu zen, eta elkarte profesionalek eta sareek lanbidearen aldeko ekimenetan duten garrantzia azpimarratu zen. Elkarlana ezinbestekoa da lanbidearen alde aritzeko, lan-baldintza duinak galdegiteko, zentsuraren aurkako ekimenetan, profil profesionalak finkatzerakoan. Hizlari guztiek nabarmendu zuten elkargo eta elkarte profesionalen garrantzia.
Jarraian, liburutegi espezializatuek, bere aniztasunean, dituzten bildumak eta eskaintzen dituzten zerbitzu ezberdinak aztertu ziren “Qué somos” atalean. Bilduma berezitu eta ezberdinekin derrigorrean dira askotarikoak eskaintzen diren zerbitzuak eta aurrera eramaten diren proiektuak; baita bestelako liburutegiekin batera, liburutegi publikoekin esaterako, landu daitezkeen aliantzak eta sor daitezkeen komunitateak.
“Cómo estamos” izenburuko mahai inguruan liburutegi espezializatuen sare ezberdinak aurkeztu ziren: Andaluziako, Kataluniako, Madrileko, Valentziako eta CSICeko liburutegi-sareak zertan diren eta zer lan egiten duten ezagutzeko aukera izan zen.
Bukatzeko, arratsalde partean teknologiak sortzen dituen erronka berriei buruz hitz egin zen “¿Preparadas? Desafíos de la Inteligencia Artificial” atalean. Aukera hitza aipatu zen, erronka ere bai adimen artifizialak liburutegietan izan ditzakeen erabilpenak aztertzerakoan. Adimen artifizialak sortzen dituen arazoez eta kezkez ere aritu ziren; bereziki pribatutasunaren, segurtasunaren eta gardentasunaren aldetik dituen azaroez eta ingurumenean eta lanpostuetan izan dezakeen eraginez.
Jardunaldia bukatzeko komisioko presidenteak ondorio batzuk bildu zituen. Liburutegi espezializatuak askotarikoak dira, maiz ezezagunak, baina badituzte puntu batzuk amankomunean, hain justu beste inon aurki ezin diren funts eta baliabideak biltzea, eta asko dute gizarteari eskaintzeko. Horretarako, liburutegiak ezagutarazteko, herritarrengana heltzeko, zerbitzu hobeagoak emateko, bestelako liburutegiekin aliantzak eraikitzeko, ezinbestekoa da elkarlana eta sareetan lan egitea.