Aurten, ALDEEk Batzar Orokorra Musikenen egin zuen apirilaren 13an, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Batzar honetan bi kide batu dira ALDEEko zuzendaritza batzordera: Oihane Oliveri Korta eta Iñaki Miguel Aguayo.
Musikene Donostiko toki berezienetako bat da musika eta oro har kultura maite dutenentzat. Europa plazan kokatua, Donostiako Unibertsitate campusean, hiriko eraikinik puntakoenetakoa da. 2016an Euskal Herriko Arkitekto Elkargoaren saria jaso zuen, hain zuzen ere. ALDEEk ezin izan zuen toki hoberik aukeratu Batzar Orokorra egiteko. Batzarrari amaiera emateko, Musikeneko eraikinetik bisita gidatu bat egin zen. Batzarrera etorri zirenek Musikeneko mediateka eta eraikinaren instalazioak ikusteko aukera zuten. Gainera, Musikeneko Auditorioan orkestra baten entseguaren amaiera ikusteko ohorea izan zuten. Batzarrera etorri zirenek ez dute inoiz ahaztuko opari berezi hori.
Batzar Orokorraren edukiei dagokienez, lehenik eta behin ALDEEK elkarteak 2023an egindako jardueren memoria berrikusi zuen. Errepaso horretan, juntakideek gauzatu ziren prestakuntza-ekintzak eta jardunaldiak erakutsi zituzten, betiere elkartearen sektoreko profesionalen ezagutzak hobetzera bideratuak. Memoria horrek ez zuen ahaztu elkarteak erakundeekin, alderdi politikoekin, enpresekin eta langileekin egindako lana, sinergia berriak indartu eta sortu baitziren, betiere elkartearen jarduera-eremuan sortzen diren arazoak konpontzen saiatzeko asmoz.
Bigarrenik, juntakideek xehetasunez azaldu zituzten 2023ko kontuen azken balantzea eta 2024ko aurrekontuak, eta agerian utzi zen ALDEE elkarteak arlo ekonomikoan duen gardentasuna. Gai horiek jorratu eta gero, 2024ko Kudeaketa Plana aurkeztu zuten. Bertan, urteko balantzeak koadratzeko beharra eta superabitik ez sortzea azpimarratu zuten urtero ALDEEk jasotako diru-laguntzak murriztu ez daitezen. Hori azaldu ondoren, urte amaierara arte programatutako jardueren errepasoa egin zuten eta, besteak beste, honako jardunaldi hauek nabarmendu zituzten: "Liburutegi espazio berriak", "Artxibo pribatuen zeregina informazioaren kudeaketaren erronka berrien aurrean" eta "Giza baliabideak liburutegietan. Langile publikoak edo azpikontratatze gatazkatsuak. Beharrezko oreka". Ildo horrekin jarraituz, helarazi zuten Euskal Herriko Udako Unibertsitatearekin, aurten ere, elkarlanean jarraituko zutela Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen X. Bilkura egiteko asmoz. ALDEE elkarteak jakinarazi ere jakinarazi zuen gogotsu lan egiten jarraitzen duela 2025eko Espainiako Informazio eta Dokumentazio Jardunaldiak (JEID25) prestatzen, jardunaldi arrakastatsuak izan daitezen, Gasteizen egingo direlako eta ALDEE elkarte anfitrioia delako.
Aurrekontuak bozketan onartu ondoren, eta Batzarra Orokorra amaitzeko, ALDEEren juntakide izateko bi hautagai berrik bere burua aurkeztu zuten: Oihane Oliveri Korta eta Iñaki Miguel Aguayo. Bi proposamenak aho batez onartu ziren. Batetik, Oihanek 15 urte baino gehiago HABEko liburutegian lan egiten darama eta bestetik, Iñaki duela 5 urte artxibo-teknikari hasi zen Eusko Jaurlaritzako Artxibo Nagusian. Galderak amaituta, jarduera ugariz gozatu ahal izan genuen gure lankideekin: Musikeneko bisita gidatua, Donostian egindako poteoa eta Lukas jatetxeko bazkaria.