Zuzenean edukira joan

Estatutuak

LEHENENGO KAPITULUA: IZENA ETA LEGE-ARAUBIDEA

 
1. artikulua.- ARTXIBATEGI, LIBURUTEGI ETA DOKUMENTAZIO ZENTROETAKO PROFESIONALEN EUSKAL ELKARTEA (ALDEE) Bilbon eratu zen, 1990eko urtarrilaren 27an, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribatu zen 1990eko otsailaren 16an. 2017ko otsailaren 17an egindako ezohiko Batzar Nagusian, elkartearen Estatutuak onartu ziren, eta bertan adierazi zen Araubide Orokorreko Elkarte bihurtzeko nahia, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen 1/2002 Lege Organikoari, martxoaren 22koari, eta Euskadiko Elkarteei buruzko 7/2007 Legeari, ekainaren 22koari, jarraituz
 ARTXIBATEGI, LIBURUTEGI ETA DOKUMENTAZIO ZENTROETAKO PROFESIONALEN EUSKAL ELKARTEAren (ALDEE) Estatutu hauek Euskadiko Elkarteei buruzko 7/2007 Legean, ekainaren 22koan, eta Elkartzeko Eskubidea arautzen duen 1/2002 Lege Organikoan, martxoaren 22koan, xedatutakoaren arabera idatzi dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 9 eta 10.13 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
      Elkartea arau hauen mende egongo da: aipatutako Elkarteei buruzko Legeak; Estatutu hauek (legearen aurkakoak ez badira); gobernu organoek behar bezala hartutako erabakiak, (Legearen edota Estatutuen aurkakoak ez badira), eta Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen erregelamenduzko xedapenak (azken horiek osagarriak izango dira).
 

ELKARTEAREN HELBURUAK

 
2. artikulua.-  Elkartearen HELBURUAK kideak profesionalki garatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan beren eremu profesionalari lotutako perspektiben eta errealitateen gainean kontzientzia handiagoa hartzen laguntzea dira; zehazkiago esanda:
              
a)  Elkarteko kideen etengabeko prestakuntza sustatzea.
b)  Artxibo eta dokumentuen, liburutegien eta dokumentazio zentroen kudeaketa arloan lanean diharduten profesionalen lan baldintzak hobetzen laguntzea.
c)   Erakunde publikoen edo pribatuen eta kolektibo profesionalaren artean harremanetarako eta lankidetzarako bideak ezartzea.
d)  Sektorearen errekonozimendu instituzionala eta soziala zaintzea, bere eginkizun eta ikusgarritasun profesionala sustatuz. 

e)  Beste lanbide elkarte batzuekiko lankidetza sustatzea.
f)   Solaskide lanak egitea eta elkartekideak erakunde ofizialen eta instituzioen eta beste elkarte batzuen aurrean ordezkatzea
             
      Helburu horiek lortzeko, JARDUERA HAUEK egingo dira, legezko betekizunak bete ondoren:
    
•    Sektoreko interes arlo desberdinekin loturiko ikerlanak, analisiak eta jarduera proposamenak egingo dituzten lantaldeen sorkuntza sustatzea.
 
•    Bazkideentzat, sektore profesionalarentzat oro har eta herritarrentzat oro har interesgarriak izan daitezkeen gaiei buruzko ikastaro, kongresu, jardunaldi eta abarrak antolatzea, dela Elkarte bultzatzaile gisa, dela beste entitate batzuekin lankidetzan.
•    Sektore desberdinetako enplegu eskaintzen inguruan jarraipen, analisi eta balorazioak egitea, hala badagokio, bazkideei ezagutzera emateko.
•    Barne eta kanpo komunikazioko dinamikak lantzea, Elkarteak kideekin duen harremana eta kideen artekoa arindu eta hobetzeko.
 
•    Bazkideentzat orientagarri eta lokarri izan daitezkeen buletinak bidaltzea.
•    Erakunde hurbileko zein ez-hurbilekoen ordezkariekin aldizkako bilerak egitea, zertarako-eta sektorea sustatzeko, bere balioa ezagutarazteko eta sektore ekonomiko, sozial eta kultural desberdinetan kokatzeko.
 
Aurreko paragrafoan azaldutako jarduerak gorabehera, elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:
 
•    Bere eskumenen eremuan beste edozein elkarte, federazio edo konfederaziori atxiki, jarduteko autonomia galdu gabe.
 
•    Bere xedeak gauzatzeko edo helburu horrekin baliabideak lortzeko, edonolako eragiketak, izan komertzialak edo ez, zerbitzuak eta jarduera kolektiboak sustatzea eta garatzea, baita edonolako jarduera ekonomikoak ere.
  
•    Edonolako ondasunak edozein titulurekin erostea eta edukitzea, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak egitea.
•    Edonolako egintzak gauzatzea, Legeen edo Estatutuen arabera.
  

HELBIDE SOZIALA

 
3. artikulua.-  Elkarte honen helbide nagusia hauxe izango da: Loiola kalea, 14-3.a, 8. bulegoa; Donostia, PK: 20005
Elkarteak beste lokal batzuk eduki ditzake Autonomia Erkidegoan.
 Elkartearen helbidea aldatzen bada eta horrek herria aldatzea badakar, Ezohiko Batzar Nagusi bat egin beharko da Estatutuetan dagokion aldaketa egiteko. Hala ere, hori egitea ez da beharrezkoa izango herri berean helbidea kale batetik bestera aldatzen bada. Kasu horretan, Zuzendaritza Batzordeak helbide aldaketa erabaki eta gauzatzeko ahala izango du.
 

LURRALDE EREMUA

 
4. artikulua.- Bere funtzioak garatzeko eremua batez ere Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.
 

IRAUPENA ETA IZAERA DEMOKRATIKOA

 
5. artikulua.- Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta VI. kapituluan esaten den bezala Ezohiko Batzar Nagusian hartutako erabaki bidez baino ezingo da desegin, edo legeetan xedatutako arrazoiren batengatik.
 Elkartearen funtziondua eta barne antolamendua demokratikoak izango dira, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten itunak, estatutu xedapenak eta erabakiak.
     

BIGARREN KAPITULUA: AGINTE- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK

 
6. artikulua.- Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo da:
•    Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena.
•    Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.
 

BATZAR OROKORRA

 
7. artikulua.-  Batzar Nagusia bazkide guztiek osatzen dute, eta organo honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak.
     
      Batzar Nagusiaren ahalmenak:
  
c)   Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa ezagutzea, eta dagokionean haren jarduerak berrestea edo gaitzestea.
d)  Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte organoko gainontzeko kideak –horrelakorik balego– izendatzea eta kargutik kentzea; eta horiek guztiak ikuskatu eta kontrolatzea.
e)  Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hori, hala ere, Batzar Nagusiak aginte organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez.
f)   Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
g)  Ondasun higiezinak erabili edo besterentzeko erabakiak hartzea.
h)  Aginte organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea, hala komeni bada.
i)    Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
j)   Barne Araudia onartzea, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta.
k)  Lantaldeen sorkuntza berrestea edo ez.
l)    Estatutuak aldatzea.
m) Elkartea desegitea.
n)  Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.
 
 8. artikulua.- Batzar Nagusiak ohiko bilkurak eta ezohiko bilkurak egingo ditu.
 
9. artikulua.- Batzar Nagusiak gutxienez urtean behin egin beharko du ohiko bilkura, 7. artikuluko a), b) eta c) ataletan xedatutako erabakiak hartze aldera.
 
10.-artikulua.- Batzar Nagusia Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean bilduko da ezohiko bilkuran, bere ekimenez edota boto eskubidea duten bazkideen herenak hala eskatu duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira, baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko bilduko da:
 
a)  Estatutuak aldatzea.
b)  Elkartea desegitea.
 
11.-artikulua.- Batzar Nagusia biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilkuren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik bilkura lehen deialdian egiteko ezarritako egunaren artean gutxienez hamabost egun natural pasatu beharko dira. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez hogeita hamar minutuko tartea utzi beharko da.
 Batzar Nagusiak –ohikoak nahiz ezohikoak– deialdian balio osoz eratuta geratuko dira lehenengo deialdian, botoa emateko eskubidea duten bazkideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten bazkideen kopurua edozein dela ere.
 
12.-artikulua.- Batzar Nagusiaren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Dena den, gehiengo kalifikatua beharko da (baiezko botoek balio osoz emandako botoen erdia gainditu beharko dute) honako erabaki hauek hartzeko:
 
a)  Estatutuak aldatzea.
b)  Ordezkaritza organoko kideei ordaintzea.
  
Eta bi herenen gehiengo kalifikatua beharko da honako erabaki hauek hartzeko:
 
a)  Ondasunak erabili edo besterentzea.
b)  Elkartea desegitea.
 
13.-artikulua.-   Bazkideek beste edozein bazkideri eman ahal izango diote beraiek ordezkatzeko ahalmena Batzar Nagusietara joateko, baina pertsona batek ezingo du inola ere Elkarteko bost bazkide baino gehiagoren ordezkaritza izan. Ordezkaritza hori emateko baimena idatziz egin beharko da, eta idazkariak Batzarra hasi aurretik eduki beharko du.
 

ZUZENDARITZA-BATZORDEA

 
14.-artikulua.-   Zuzendaritza Batzordea da Estatutuetako xedapenei eta Batzar Nagusiaren jarraibideei jarraituz Elkartearen interesak kudeatzen eta ordezkatzen dituen ordezkaritza organoa. Bazkide titularrek baino ezingo dute osatu ordezkaritza organoa.
 Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak honako hauek izango dira:  
 

  • Lehendakaria
  • Lehendakariordea
  • Idazkaria
  • Diruzaina
  • Bokalak, bi gutxienez eta zortzi gehienez.

 
Zuzendaritza Batzordean, ahal dela, Elkartearen jarduera sektore guztiak egongo dira ordezkatuta.
      
15.-artikulua.-   Zuzendaritza Batzordeko kide bat bilera horietara hiru aldiz jarraian, edo tarteka lau aldiz, agertzen ez bada, kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.
 
16.-artikulua.-   Batzar Nagusiak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak. Kargu horiek HIRU URTERAKO izendatuko dira, Batzordeak berariaz baliogabetu ezean, eta kargudun berbera behin eta berriro hautatu ahal izango da.
 
17.-artikulua.-   Pertsona fisikoek zein pertsona juridikoen ordezkariek baldintza hauek bete beharko dituzte Zuzendaritza Batzordeko kideak izateko:   

  1. Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean dauden legeetan ezarritako bateraezintasun arrazoirik ez edukitzea. 
  2. Erakundeko kide titularra izatea hautagaitza aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik.
  3. c)   Estatutuetan xedatutako moduan izendatua izatea.

Onartutako hautagaien zerrendak Ohiko Batzar Nagusian bozketa egiteko ezarritako data baino gutxienez hamabost egun lehenago bidaliko zaizkie Elkarteko kide guztiei. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epean hautagaitzarik ez badago, Batzarra egiten ari den bitartean hautagaiak aurkeztu ahalko dira, Batzarrak ezartzen duen epearen barruan. 


 
 
Bozketa librea izango da, eta, beharrezkotzat jotzen bada, isilpekoa. Bi hautagairen edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, beste bozketa bat egingo da. Bigarren bozketan berriro ere berdinketa gertatzen bada, Elkartean antzinatasunik handiena duena hautatuko da eta, antzinatasuna berdina bada, eremu profesionalen araberako ordezkaritza hartuko da kontuan.
 Botoa pertsonalki, ordezkaritza bidez –13 artikuluan jasotzen denaren arabera–  edo Batzarrak egoki denean erabakitzen duen beste edozein metodoren bidez eman ahal izango da, Barne Araudian xedatzen denarekin bat etorriz.
 Batzordeko kargudun guztiak berritu behar badira, irten behar duen lehendakariak edo lehendakariordeak Batzorde berriko kide izaten jarraituko du Batzordearen funtziondu egokia ziurtatzeko behar adina denbora.
 
18.-artikulua.-   Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde Nagusiak izangaia hautatu behar du, eta, gero, izendatu horrek kargua onartu behar du.
 Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak ordaintzea erabaki dezake, hala badagokio, Batzar Nagusiak.
 
19.-artikulua.-   Zuzendaritza Batzordeko kideek beren kargua utziko dute honelakorik gertatuz gero: 
a)  Agintaldia bukatzen denean.
b)  Karguari beren borondatez uko egiten diotenean. Hori idatziz jakinarazi beharko zaio Zuzendaritza Batzordeari.
c)   Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun arrazoiak dituztenean.
d)  Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Nagusiak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean.
e)  Hiltzen badira.
Bestalde, a) atalean xedatutakoa baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehenengo Batzar Nagusia egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun berriak.
Halaber, b), c), d) eta e) kasuetan, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behinean izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar Nagusiak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu, behar diren kargu izendapenak egingo ditu.
Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.
 
20.-artikulua.-   Hona hemen Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak: 
b)  Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
c)   Gastuen eta sarreren urteko aurrekontua, Jardueren Memoria, balantzeak eta urteko kontuak landu eta Batzar Nagusiari aurkeztea, hark onar ditzan.
d) Batzar Nagusiaren bilkuretako gai zerrendak egitea, eta ohiko nahiz ezohiko Batzar Nagusietarako deialdiak egitea erabakitzea, eta erabakiak betearaztea.
 e)  Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea.
f)   Bazkide berriak onartzeari buruz erabakitzea eta Batzarrari jakinaraztea.
g)  Batzorde ordezkariak osatzea eta Elkartearen jarduera berezietarako lantaldeak onartzea, eta horien jardueren inguruan informatuta egotea.
h)  Elkarteak funtzionatzeko araudiak Batzar Nagusiari proposatzea, hark onar ditzan.
i)    Elkartearen ondasunak administratzea eta, ondasunoi dagokienez, Batzar Nagusiari berariaz esleitu ez zaizkion erabaki guztiak hartzea.
j)   Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak betetzea, beti ere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat etorriz.
k)  Elkartearen xedeak betetzeko beharrezkoa den beste edozein eginkizun, beti ere ez badagokio Batzar Nagusiari, edo Batzar Nagusiaren berariazko baimena behar ez badu.
21.-artikulua.-   Zuzendaritza Batzordea gutxienez urtean 3 aldiz elkartuko da, eta jarduera sozialen garapen egokiak eskatzen duen aldiro. Horretarako deialdia lehendakariak egingo du, dela bere ekimenez, dela batzordekideen herenek idatziz eskatuta. Bilkurako buru lehendakaria izango da, eta hura ez balego, lehendakariordea, balego; eta bi horien faltan, batzordekide zaharrena.
Bilkurak gutxienez zazpi egun lehenago deituko dira.
Batzordea balio osoz eratuta gera dadin, beharrezkoa izango da bertaratutako bazkideak edo ordezkatutakoak bazkideen erdiak gehi bat izatea; horien artean, lehendakaria, edo, bestela, lehendakariordea.
Akordioak edo erabakiak bilkuran daudenen gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitateko botoa izango da erabakiko duena.                    
Batzordeen edo lantaldeen koordinatzaileak Zuzendaritza Batzordera joan ahal izango dira, beren ekimenez edo joateko deitu dietelako. Beren jarduera alorrari lotutako gaietan hitza izango dute baina botorik ez.
Idazkariak bilera aktak egingo ditu, eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.
 

ZUZENDARITZA BATZORDEKO KIDEAK
 LEHENDAKARITZA

 
22.-artikulua.-   Elkarteko lehendakariak bere gain hartuko du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betearaziko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako lehendakari ere izango da.
 
23.-artikulua.-   Lehendakariak honako eskumen hauek izango ditu:
 
a)  Elkartea legez ordezkatzea, kontratuak izenpetzea, ahalordeak ematea eta orotariko egintzak gauzatzea, Zuzendaritza Batzordearen baimenarekin.
b)  Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Nagusiaren bilera deiak egin, bilerak gidatu, bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu, eta boto berdinketa gertatuz gero kalitate botoarekin erabakitzea.
c) Elkartearen jardueren egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea, eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea.
d)  Zuzendaritza Batzordeak balio osoz erabakitako ordainketak agintzea, agiriak, aktak eta korrespondentzia bere sinadurarekin baimentzea, eta, hala badagokio, Elkartearen funtziondu egokirako beharrezko diren banku kontuak irekitzea.
e)  Elkartearen martxa egokirako ager daitezkeen premiazko gaiak ebaztea, eta Zuzendaritza Batzordeak egiten duen hurrengo bilkuran horren berri ematea.
f)   Idazkariarekin batera aktak sinatzea.
g)  Batzar Nagusiak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, baldin eta ez badira haren eskumen esklusibokoak.
 
 

LEHENDAKARIORDETZA

 
24.-artikulua.-   Lehendakariordeak lehendakariari lagunduko dio, eta lehendakariak ezin badu aldi batean bere kargua bete, lehendakariordeak ordezkatuko du. Era berean, lehendakariak berariaz eskuordetzen dizkion eskumen guztiak izango ditu.
 

 

IDAZKARITZA

 
25.-artikulua.-   Idazkariari dagokio, zehazki, Elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea, lehendakariarekin batera Batzar Nagusietan eta Zuzendaritza Batzordeetan egindako aktak izenpetzea eta, oro har, idazkaritzari dagozkion eginkizunak bere gain hartzea.
 
      Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkartearen liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko jakinerazpenak eginez agintari eskudunari.
 

DIRUZAINTZA

 
26.-artikulua.-   Diruzaina Elkartearen funtsak eta gainerako ondarea bildu, ekonomikoki administratu eta zaintzeaz arduratuko da. Elkartearen funts ekonomikoak administratuko ditu. Gainera, egoera ekonomikoaren berri emango du, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko sarreren eta gastuen aurrekontuen aurreproiektua landuko du, eta urteko balantzea eta kontuak erredaktatuko ditu, Batzar Nagusiari aurkezteko. Lehendakariak, edo Zuzendaritza Batzordeko kideek, dagozkien eskumenekin, baimendutako ordainketa aginduak beteko ditu.
 
 

BOKALAK

 
27.-artikulua.-   Bokalek beren karguei dagozkien funtzioak izango dituzte, Zuzendaritza Batzordeko kideak diren aldetik (elkartearen zuzendaritza eta kudeaketa arrunta), baita batzordeak berak eskatzen dizkienak ere.

 


BATZORDEEN ETA TALDEEN ERAKETA

 
28.-artikulua.- Batzordeak edo lantaldeak eratu ahal izango dira beren irismen orokorragatik tratamendu espezifikoa, dedikazio berezia eta etengabea edo antolamendu eta azpiegitura egoki bat behar duten helburu konkretuak lortzeko. 

Batzordeak Zuzendaritza Batzordearen berariazko delegazioz eratuko dira, akordio baten bitartez, non batzordearen izena eta helburua jasoko diren.
Lantaldeak gutxienez 3 bazkideren ekimenez eratuko dira, Zuzendaritza Batzordeari zuzendutako proposamen baten bidez, non izena eta helburu konkretuak jasoko diren.
Eraketa Batzar Nagusian berretsi eta gero, barne funtzionduaren araudi baten bitartez arautuko dira.
Edozein bazkidek parte hartu ahal izango du sortzen diren lantaldeetan.
Nolanahi ere, Zuzendaritza Batzordeak ahala izango du edozein lantaldetan bazkide ez diren profesionalen parte hartzea (aholkulari gisa) sustatu edota onartzeko, egoki ikusten badu.
Batzorde delegatuek eta lantaldeek jardueraren urteko txostena aurkeztuko diote Zuzendaritza Batzordeari.
 

 

HIRUGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK: ONARTUAK IZATEKO BALDINTZA ETA PROZEDURAK, ETA BAZKIDE-MOTAK

 
29.-artikulua.-   Elkarteko bazkide izan ahal izango dira adin nagusiko pertsonak, jarduteko gaitasuna dutenak, Elkartearen xedeen garapenean interesa dutenak eta hauetako baldintzaren bat betetzen dutenak: 

  1. Jarduera profesionala. Elkartean sartzeko eskaera egiten den unean zeregin tekniko-profesionalak egiten jardutea artxibo eta dokumentuen, liburutegien eta dokumentazio zentroen kudeaketan, gutxienez urtebeteko jardunarekin. 
  2. Prestakuntza edo titulazio espezifikoa izatea. Prestakuntza espezifikoa izatea artxibistikan, bibliotekonomian edo dokumentazioan, unibertsitate tituluarekin edo diziplina horietako gaitasunak egiaztatzen dituen beste edozeinekin. 
  3.  Elkartean sartzeko eskaeraren datan, diziplina horietako edozein prestakuntza gradu araututan ikasketak edo prestakuntza espezifikoa egiten ibiltzea egiaztatzea.

Pertsona juridikoak direnean, eskumena duen organoak bere baitan hartutako erabaki baliodunaren kopia aurkeztu beharko dute, eta bertan adierazi bai bazkidetzeko borondatea, bai beren izenean arituko denaren izendapena.
Elkarteko kide izateko idatzizko eskaria aurkeztu beharko da, Elkarteko Lehendakariari zuzenduta. Zuzendaritza Batzordeak ebatziko du onartzea ala ez.           
 
 
30.-artikulua.-   Honelako bazkideak egon daitezke:

  1.  Bazkide titularra: Bazkide titularrak izango dira 29. artikuluan xedatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eta ezarritako kuota sozialak ordaintzen dituzten pertsona fisiko guztiak. Eskubide osoko bazkideak izango dira, Elkartearen Batzarretan ahotsa eta botoa izango dute, eta bertako aginte organoetara iritsi ahal izango dira
  2.  Bazkide instituzionala: Bazkide instituzionalak izango dira Elkartearen xedeetan laguntza instituzionala eta ekonomikoa emateko interesa duten Artxibo, Liburutegi edo Dokumentazio Zentroen Arloetako erakunde guztiak. Bazkide instituzionalek, Elkartearen Batzarren erabakietan parte hartu ahal izango dute, berariaz izendatutako ordezkari baten bitartez, ahotsarekin baina botorik gabe, eta ezin izango dira hautatu aginte organoetan karguak betetzeko.
  3. Bazkide atxikia: Bazkide atxikiak izango dira, 29. artikuluan xedatutako baldintza guztiak bete gabe, Elkartearen xedeak betetzen laguntzeko Elkarteari atxiki nahi zaizkion pertsona fisiko guztiak. Izaera honekin onartu eta gero, bazkide atxiki orok Estatutuak betetzeko eta ezarritako kuota ordaintzeko konpromisoa hartzen du. Bazkide titularren eskubide berberak dituzte, bozkatzeko eta gobernu organoetan karguak betetzeko eskubidea izan ezik. 
  4. Bazkide babeslea: Bazkide babesleak Zuzendaritza Batzordeak izaera horrekin onartzen dituen pertsona juridikoak dira. Bazkide babesleek kuota berezi bat ordaintzen dute eta, kasuaren arabera, Zuzendaritza Batzordeak onartzen dituen onura bereziak izango dituzte.
  5.  Ohorezko bazkidea: Elkarteak, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eta Batzar Nagusiaren erabakiz, ohorezko bazkidearen izaera eman ahal izango die izendapen hori merezi duten pertsona guztiei, merezimendu kultural, zientifiko edo teknikoengatik, entzute profesionalagatik, edo Elkartea duintzen eta garatzen modu garrantzitsuan laguntzeagatik. Batzarretan hitz egiteko eskubidea daukate, ez ordea bozkatzeko eta aginte organoetan parte hartzeko; bazkide kuota ordaintzetik salbuetsita daude. 

 
BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
 
31.-artikulua.-   Bazkidetutako pertsona guztiek eskubide hauek dauzkate:

  1. Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak inpugnatzekoa, inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik berrogei egun naturaleko epean
  2. Elkartearen aginte eta ordezkaritza organoen osaerari, elkartearen kontuen egoerari eta elkartearen jarduerari buruzko informazioa jasotzekoa.
  3.  Elkarteko beste bazkideen nortasunaren, diru sarreren eta gastuen egoeraren, eta elkartearen jardunaren berri edozein unetan izatekoa, datu pertsonalak babesteko arautegian xedatzen denaren arabera.
  4. Batzar Nagusietarako deiak jaso, horietara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzekoa, Estatutu hauetako 30. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta eskubide hori beste bazkide batzuen esku utzi ahal izatekoa.
  5.  Elkartearen Estatutu hauen arabera, Elkarteko zuzendaritza organoetan parte hartu eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatekoa, estatutu hauen 30. artikuluaren arabera.
  6.  Indarrean dauden legeetan xedatutako bazkide fitxategian agertzekoa, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzekoa.
  7.  Zuzendaritza Batzordeari iradokizunak egitekoa Elkartearen helburuak hobeto betetze aldera.        
  8.  Estatutuen eta, egonez gero, Barne Araudiaren ale bana edukitzekoa, eta zuzendaritza organoei eskakizunak eta kexak aurkeztekoa.
  9.  Elkartearen jardueretan parte hartzekoa.
  10.  Talde ekintza sozialetan parte hartzekoa, eta bazkideentzako tresnak erabiltzekoa (elkartearen egoitza, liburutegiak, etab.).
  11. Elkartearen organoek hartutako erabakien gaineko informazioa jasotzekoa.
  12. Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzekoa. Neurriak hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
  13.  Edozein unetan baja ematekoa. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.

 
32.-artikulua.-Hona hemen bazkideen betebeharrak:
 

  1. Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
  2. Portaera eta jarrera etikoarekin, Elkarteari izen ona eta prestigioa izaten laguntzea.
  3. Estatutu hauek eta Elkartearen organo errektoreek balioz hartutako erabakiei men egitea eta erabakiok betetzea.
  4. Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak garaiz ordaintzea.
  5. Batzar guztietara joatea, dela pertsonalki dela beste bazkide batek ordezkatuta.
  6. Idazkaritzari bizileku nahiz lantoki aldaketak edo bazkide gisa duen egoerari eragiten dion edozein aldaketa jakinaraztea.
  7. Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.

  

BAZKIDE IZATEARI UZTEA

 
33.-artikulua.-   Bazkide izaera honelakoren bat gertatuz gero galduko da:
     

  1.  Bazkidea hiltzen bada (edo, pertsona juridikoen kasuan, desegiten bada).
  2.  Bazkidea bere borondatez joaten bada, hamar egun lehenago Zuzendaritza Batzordeari idatziz jakinarazita.
  3.  Betebehar ekonomikoak betetzen ez badira, Elkarteari dagokion kuota ordaintzeari utziz gero. Automatikoki gertatuko da.
  4. Elkartearen Estatutuak nahiz araudiak betetzen ez badira.
  5.  Zigor baten ondorioz, honelako egoeraren bat gertatzen bada: estatutu hauetatik ondorioztatutako betebeharrak modu larriz ez betetzea, behin eta berriz, eta nahita, edo gauza bera gertatzea Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak hartutako akordio baliodunei dagokienez.

 

 ZEHAPEN ARAUBIDEA

 34.-artikulua.-   Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu bazkideok Estatutuak edo Batzar Nagusiak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak behin eta berriz urratzen dituztenean, eta, oro har, Elkartearen interes eta espirituaren aurkako portaera izateagatik zigorra merezi dutenean.
Hilabetetik hiru hilabetera bitartean eskubideak kentzetik hasi eta elkartetik betiko kanporatzerainoko zigorra ezar daiteke, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.
Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak argitzeko ikerketa egin dadila erabaki dezake lehendakariak. Ikerketaren instruktorea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.
Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte hartzerik izango (instruktorea delako), eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Nagusiari.
 
35.-artikulua.- Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak balioz hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, lehendakariak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide jakin batzuk egin ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita, lehendakariak erabaki dezake jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik kanporatzeko zigor espedienteari hasiera ematea.
 
36.-artikulua.- Elkartetik kanporatzeko zigor espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai zerrendan sartuko da kasua, eta Batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du botorik izango espedienteko instruktorea izan den idazkariak.
Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio, eta, era berean, hurrengo Ezohiko Batzar Nagusian errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzarrik egiten ez bada, batzar bat egin beharko da horretarako bakarrik. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.
Batzar Nagusiari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Nagusiari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.
 
37.-artikulua.-   Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia Legearen edo Estatutuen aurkakoa bada.
 
38.-artikulua.-   Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan –berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako– bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio, hala badagokio.
 

LAUGARREN KAPITULUA
SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK

 
39.-artikulua.- Elkarteak ez du hasierako sorrera-ondarerik.
 
40.-artikulua.-   Elkarteak, bere xedeak eta jarduerak aurrera eramateko, baliabide ekonomiko hauek aurreikusten ditu:

  1. Ondare ekarpenak.
  2.  Batzar Nagusiak erabakitzen dituen bazkide kuotak, bai aldizkakoak bai bereziak.
  3. Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
  4. Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru sarrerak.

  
ELKARTEAREN EKITALDIA ETA EKITALDI EKONOMIKOA urte betekoa izango da eta urte bakoitzeko abenduaren 31n itxiko da. 
Jarduera ekonomikoak gauzatuz (zerbitzuak ematea barne) elkarteak lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira bazkideen artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko afektibitate harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.
  

BOSGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA

 
41.-artikulua.-   Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen Ezohiko Batzar Nagusian erabaki behar da, eta onartzeko, balioz emandako botoen gehiengo osoa behar da.
  
42.-artikulua.-   Aldaketa egitasmoa idatzi eta gero eta Zuzendaritza Batzordeak onartu eta gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo Ezohiko Batzar Nagusiaren gai zerrendan sartzea erabakiko du.
  
43.-artikulua.-   Batzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Nagusiari helaraziko zaizkio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira Idazkaritzan.
Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz, eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Nagusiak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera baino ez du eragina izango hirugarrenengan.

  

SEIGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA

 
44.-artikulua.-   Elkartea honelako kasuetan desegingo da:

  1.  Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako Ezohiko Batzar Nagusian azaldu beharko da. Erabakia botoen bi herenen gehiengo kalifikatuarekin hartuko da.
  2. Estatutuetan ezarritako epea edo baldintza bete delako.
  3.  Beste elkarte batek xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako.
  4. Legez ezarritako gutxieneko bazkide kopururik ez duelako.
  5. Epai irmo batek elkartea desegitea agintzen duelako.
  6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.

 45-artikulua.-  Elkartea deseginez gero, horixe erabakitzen duen Ezohiko Batzar Nagusiak Batzorde Likidatzaile bat izendatuko du –Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatua–, eta hark hartuko ditu bere gain dauden funtsak.
Bazkideekiko eta hirugarrenekiko betebehar sozialak bete ondoren, geratzen den ondare soziala, geratzen bada behintzat, irabazi asmorik gabeko erakunde bati emateko edo Batzarrak zehaztutako irabazi asmorik gabeko xede baterako erabiliko da.
 

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

 
      Estatutu hauek indargabetu eta ordezkatu egiten dituzte Ezohiko Batzar Nagusiak 2014ko martxoaren 29an onartu zituenak..

 

AZKEN XEDAPENAK

 
Lehenengoa: Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Nagusiak Barne Araudi bat onartu ahal izango du, baina horrek inola ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.
Bigarrena: Estatutu hauek Ezohiko Batzar Nagusian onartzen diren egunean jarriko dira indarrean.

 

Estatutuak jeitsi

Bazkide izan nahi duzu? Abantaila handiak dituzu

Izena eman

  • Zure interesak babestu
  • Jardueretan parte hartu
  • Deskontuak ikastaraoetan izena ematerakoan
  • Lan eskeintzak jasotzea
  • Lantaldeetan parte hartzeko aukera
  • Informazio profesionala eguneratua eduki

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialak partekatzeko plugin batzuk erabiltzen ditugu gure webguneko zenbait orrialde sare sozialetan partekatu ahal izateko. Plugin hauek cookieak ezartzen dituzte orrialde bat zenbat aldiz partekatu den zuzen ikusi ahal izateko.