Gipuzkoako hainbat enpresa batu eta enpresa-buruen elkartea sortu dute: GALDE, Gipuzkoako Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentazio-guneen Enpresaburuen elkartea, hain zuzen ere. Bertako kide den David Zapirainek neguko berri-papererako idatzitako artikulua ekarri dugu webgunera.
Liburuzain, Artxibozain eta, orokorrean, dokumentazioarekin zerikusia duten ogibideak xarmagarriak suertatzen ohi dira. Hau da, lan horietan murgilduta ez dagoen jendeari gure ofizioa balore handikoa iruditzen zaio. Askotan, baita interesgarria ere. Alegia, esparru honek badu nolabaiteko prestigio soziala eta, egunero gurekin harremanetan izaten ditugun erabiltzaileak esker onekoak dira.
Alabaina, sozialki aitortzen den prestigio horrek oso bestelako errealitatea ezkutatzen du: lanbide hauen merkatu balio eskasa. Izan ere, lana erabat merkantilizatu egin da. Horrek, egun, gure lanbidean aritzeak hala moduzko prezioa izatea ekarri du. Ondorioz, esparru honetako kontratazioetan eskakizun profesionalak nahiz lan baldintzak hutsaren hurren bihurtu dira. Badirudi inoren erantzukizunik gabe gertatu dela gainera: ez kontratazioaz arduratzen diren erakunde publikoen aldetik, ez eta egoeraz baliatzen diren enpresen aldetik ere, lana galtzeko beldurrez dabiltzanak ez aipatzearren.
Ondorioz, gure lanen erabateko desregulazioa dugu aurrean: intrusismoa, formazio eskasa, eskaintza baldarrak…
Egoera hori aldatzeko asmoz, Gipuzkoako hainbat enpresa batu egin gara, baita eta enpresa-buruen elkartea sortu ere: GALDE, Gipuzkoako Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentazio-guneen Enpresaburuen elkartea, hain zuzen ere. Agiri, Lazkaoko Beneditarren Fundazioa eta Ereiten dira elkartea sortu dutenak elkarrekin. Gure esparru profesionalean aritzen garenon gehiengoa biltzen da bertan, baina esan gabe doa ez dela elkarte itxia eta kide gehiago onartzeko prest dago.
Elkartearen helburuen artean da arestian deskribatutako egoera zuzentzea. Horretarako biderik eraginkorrena Gipuzkoa mailako lan hitzarmen bat sortzea dela deritzogu eta honetan ahaleginduko gara batik bat. Hasiberria den elkarte batentzat ez da erronka makala. Enpresa-buruak garen heinean, gure esparruan lan duina eta profesionala aldarrikatu nahi dugu. Administrazio publikotik kanpo aritzen garen profesionalok egoera berbideratzeko esku hartzerik ez badugu, lanpostuen baldintzak gero eta kaskarragoak izango dira, profesionaltasuna gutxitu egingo da eta lanaren kalitate maila jeitsi. Laburbilduz, gure parte hartzerik ezean, zerbitzu publikoa sendotu beharrean, horrek erabat ahulduta bukatuko duela sinetsita gaude.
David Zapirain
Ereiten Kultur Zerbitzuak