Zazpigarren aldiz egingo da, UEUren Udako Ikastaroen baitan, Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura. Aurten "Euskal autoritateak finkatze bidean" goiburu hartuta, uztailaren 1ean Eibarko Markeskoa Jauregian. Jardunaldia modu presentzialean egingo da, 10:00etan hasi eta 17:00ak arte.
Ohi bezala, aurten ere egitarau zabala osatu du UEUk. ALDEEk, azken urteetan egin duen moduan, egun osoko jardunaldia antolatu du UEU, ASNABI eta Baionako Mediateka-Bilketa Euskal Funtsen Atariarekin elkarlanean.
Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VII. Bilkura egingo da aurten, Euskal autoritateak finkatze bidean goiburu hartuta, uztailaren 1ean Eibarko Markeskoa Jauregian. Jardunaldia modu presentzialean egingo da, 10:00etan hasi eta 17:00ak arte, tartean atsedenerako eta bazkaltzeko tartea hartuta.
EAL lantalde profesionalaren ekimenez
Liburutegietako dokumentuen katalogatzeko frantses autoritateak Frantziako Liburutegi Nazionalak (BnF) finkatzen ditu edo espainiar autoritateentzat Espainiako Liburutegi Nazionalak (BNE). Aldiz, euskal autoritateentzat ez dago funtzio hori betetzen duen gisa horretako erakunderik. Ondorioz, profesionalentzat beharrezkoa den informazioa sakabanatua da, desberdina, osatugabea, inkoherentea. Hutsuneaz jabetuta,
EAL-Euskal Autoritateen Lantaldea lantalde profesionala sortu da eta duela lau urtetik hona ekin dio euskal autoritateak finkatzeko lan bati.
Jardunaldi honen bidez nahi dena da, batetik, egoeraren diagnostikoa egitea; bestetik, biblioteka, dokumentazio zentro eta gaia jorratzen duten gainerako ekimenen kasuak ezagutzea; hirugarrenik, EAL lantaldearen egitasmoa publiko egitea, lanketarako erabili duen metodologia eta landu dituen irizpideak ezagutzera emanez; eta, azkenik, euskal autoritateen inguruan lanean ari garenok elkartu, esperientziak, arazoak eta iritziak trukatu eta etorkizunean jorratu beharreko bidea marraztu eta adostea.
Helburuak - Euskal autoritateak euskaratik eta euskaraz sortzea, Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren hutsunea betetzeko asmoz.
- Euskal autoritateak irizpide koherente, propio eta profesionalik gabe egotearen diagnostikoa egitea.
- EAL-Euskal Autoritateen Lantaldearen proiektuaren berri xehea eragile guztiei ematea.
- Euskal autoritateen inguruan lanean ari garenok elkartzea, esperientziak, arazoak eta iritziak trukatzea eta etorkizunean jorratu beharreko bidea marraztu eta adostea.
Metodologia
Zazpi ponentzia labur (15na minutukoak), aurkezpen luzeago bat (ordu erdikoa) eta ordu eta erdiko mahai-inguru baten bidez. Tartea ere izango da entzuleek iritzia eman eta galderak egiteko.
Nori zuzendua
Batetik, euskal autoritateak dituzten katalogoekin lan egiten duten profesionalak eta, bestetik, oro har, autoritateen kontrolaren inguruan interesa izan edo lan egitea egokitzen zaien gainontzeko profesionalak.
Matrikula-prezioak: 25,00 €.